Aingeruen hegaldia

AINGERUEN HEGALDIA

1992an, Angel Olaran hernaniarra (Tanzanian dagoen Aita Zuria) herrialde aldaketa dela eta Wukrora, Etiopiako iparraldera, iritsiko da eta Saint Mary School of Wukro nekazal eskola jarriko du martxan. Angel Wukrora iritsi bezain laster bertako biztanleek bizi duten egoera larriaz jabetzen da, batez ere haurren egoeraz. Umezurtz kopurua izugarria da eta, horren aurrean, Aita Zurien komunitateak agindutako lanetatik ateratzen den arren, haurrei laguntza ematen hastea erabakitzen du. Angel jaioterrian dituen ezagunen artean deialdiak egin eta laguntza eskatzen hasten da. Hasiera batean, Angelen familia izango da laguntza eskatzen eta lortzen hasiko dena, horretarako hainbat erakunde, instituzio eta lagunekin harremanetan jarriz.

90. hamarkada bukaerarako Hernanin (Angelen jaioterria) oso ezagunak dira apaizaren lanak, eta herrian Wukron dituzten arazoekin nahiko sentsibilizatuta dagoela esan daiteke. 1998tik aurrera, hainbat herritar laguntza bila hasten dira Hernanin; taldearen izena Hernani Wukrorekin izango da. Talde hau borondatezko ekimenaren bitartez sentsibilizazio lanetan arituko da, eta batez ere hernaniarren artean laguntza ekonomikoa biltzen egingo dute lan. Xede nagusia Wukroko umezurtzak baldin badira ere, instituzioetan beste motatako proiektuak ere aurkeztuko dituzte, ur kanalizazio proiektuak edota ur putzuen konponketa, esate baterako.

Galeria hau osatzen duten ume eta gazte guztien argazkiak Wukroko St. Mary misioan egin ziren, Tigrayko probintzian, Etiopiako iparraldean, 2011ko irailean.

error: Content is protected !!